ASEL LUZARRAGAREN EUSKAL HERRIA ETA ANARKISMOAREN ARTEKO GOGOETAK.

 

Azken boladan gero eta buelta gehiago ematen ari natzaio gai bati: «euskal» eta «anarkista» berben arteko itxurazko arrakalari. Ez euskal anarkistarik egon ez delako edo ez dagoelako, Hortxe daukagu Likiniano bera, hark gidatuta anarkistak izan baitziren Francoren tropa altxatuei Gipuzkoan aurre egin zieten lehenak. Kontua da, gerora, anarkismoak eta euskaltasunak ez dutela behar bezala bat egiten jakin, eta egun ideia anarkistak ezezagun handiak dira Euskal Herrian, aurreiritzi eta ideia faltsu askok zokoratuta.  Demokrazia kristauak eta ideia sozialdemokratek eta marxistek euskal nortasunarekin bat egiten (edo kasu batzuetan euskal nortasuna euren alde desitxuratzen) jakin zuten bitartean, ematen du anarkismoa eta euskal nortasuna ez direla inoiz bide hori egitera iritsi. Ez mugimendu gisa, behintzat.

Guzti hau ulertzeko, abertzaltasun kontzeptuaren sorrerara jo beharko genuke. Garai haietan euskaldunen, independentzia nahi zutenen etsaiak «maketoak» ziren. Nortzuk ziren baina maketo haiek? Gaztelatik, Andaluziatik, Extremadu­ratik… iritsitako etorkinak. Eta etorkin haiek, egun hegoaldeagotik datozenak legez, esplotatuak izateko iritsi ziren Euskal Herrira. Gizarte bien arteko talka bikoitza izan zen: kultura mailakoa eta klase mailakoa. «Okupatzaile» berriak, beste kultura batekoak izan ez ezik, beste maila ekonomikokoak ere baziren, eta euskal burgesen lantegi eta harrobietan hiltzen ziren euliak moduan.

Euskal Herrian esplotatuak «okupatzaileak» eurak ziren. Izan ere, euskaldunek, besteen morroi, langile xume izan baino, Ameriketara alde egin eta bertan jabe eta esplotatzaile nahiago zuten izan. Beraz, luzaroan ez zen euskal langileriarik izan. Zaila, beraz, langileen aldarrikapenek eta euskaldunenek bat egitea.Errua ez zen orokorrean ez euskaldunena (alde batetik, euskal burges esplotatzaile guztiak ez zeuden independentziaren alde, eta bestetik, euskaldun gehienak ez ziren esplotatzaileak edo ez zeukaten esplotazio horren kontzientzia oso argi), are gutxiago kanpotik ekarritako langileena.Euskaldunek, Sabino Aranaren eskutik, estatismoa besarkatu zuten, eta horrela, ez ziren gai izan ikusteko langile etorkin haiek birritan zirela biktima: euskaldunek gainetik kendu nahi zuten Estatu espainolaren biktimak, espainiar burgesiak sortutako bazka zirelako euren herrietan, eta haien lan-indarra esplotatzen zuten bitartean, Estatu berri baten aldeko borrokan inbaditzailetzat hartzen zituen euskal burgesiarenak. Horri euskal gizarteak hezurretaraino barneratuta zeukan katolizismoa batu behar zaio, ideia ezkertiar oro heresiatzat jotzen baitzuen. Gauzak horrela, Erre­publika garaian Katalunian, Aragoin, Asturiasen… anarkistak gizarte iraultzaren buru zeuden bitartean, Euskal Herria, herri gisa, mugimendu horretatik at geratu zen.

Anarkismoak ezin du aberriarekin amets egin, aberri hitzak Estatua, herrien arteko areriotasuna, mugak, armada berriak, kapitalisten ehiza gunea esan nahi badu. Inde­pendentistek ere nekez egingo dute amets anarkiarekin horrek inposatutako mendekotasuna, kultura ezaugarriak edo harremanak izatea esan nahi badu. Baina derrigorrez behar du independentziak Estatu berri bat? Aberria eta Estatua sinonimo al dira? Aberria kultura ezaugarri batzuek eta gogo hurkotasunak, kidetasunak sortutako komunitatea izan daiteke. Horrela bada, independentistek ez diote anarkismoari beldurrik izan behar (bai estatalistek, edozein herritako estatalistek dioten legez), eta anarkistek ez diote euskalduntasunari beldurrik izan behar. Bestela izan zitekeen, Proudhon eta Bakuninen testuetan, hots, anarkismoaren oinarrietan, Estatu handi eta zentralisten aurkako eta independentzia nahi duten herri txikien aldeko adierazpenak etengabeak baitira, langileen esplotazioa dakarten abertzalekerien aurkakoen pare.Bakuninek esan bezala «Aberria eta nazionalitatea» testuan: «Nazionalitatea ez da oinarri bat; egiaztatutako gertakizuna da, banakotasuna bezalaxe. Herri bakoitza, handia zein txikia izan, bera izateko, bere izaeraren arabera bizitzeko eskubide eztabaidaezina da. Eskubide hori askatasunaren oinarri orokorraren ondorioa baino ez da». Beraz, anarkismoaren oinarrietan bazegoen bidea euskal independentziarekin bat egiteko eta independentismoak anarkismoarekin bat egiteko, edo elkarren ondoan mesfidantzarik gabe ibiltzeko, behintzat, nork bere aldarrikapenei eutsiz.

Ekintza Zuzena aldizkarian argitaratutako Asel Luzarragaren artikuloaren laburpen bat……

 

 

    • la negra
    • Otsaila 12th, 2012

    Bozkatzerako orduan… bai… osotasunez begiratuta bai, gutxieneko bat da gobernatzen duena, baina zelan sartu “demokrazia” barruan bozkatu ez duen jendea? Nik erreferendum gahiagoren faltan botzatzen ditut… eserlekuen banatze egokiago bat… agian presidentzialak sartzea berriro bozkatuz… Argi dagoena da demokrazia geldi bat ez dela demokrazia, hau etengabe hobetzeko nahia landu eta pausuak eman behar dira.
    Ez dut hurbiletik jarraitu baina gipuzkoako Bilduk, Porto Alegren zuk aipatu bezala, herri batzarretan aurrekontuen aurkezpen publikoak egiten hasi dela uste dut. Hasiera hona iruditzen zait niri ere.

    Azken aguneko “demokrazia” adibide bat… (2012-01-22) Kroazia Europar Batasunean sartu da. ElPais-eko titularra, …”los Croatas dan un claro apoyo a la adhesión”… Errealitatea; parte hartzea %44a. Baietza %67a. Hau da %30ak esan du baietz bakarrik. Baina honen inguruan kritika ezberdinak egingo nituzke. Alde batetik bozkapen bat ontzat hartzeko parte hartze minimo bat egon beharko lukeela uste dut. Baina beste alde batetik eta kasu honetan parte hartu ez duen jendearen eritzia, ezezkoa dela hartu dezakegu? eta zergatik ez dira joan bozkatzera BAI ala EZko erreferendum baten?

    • Bozkatzen ez duen jende hori (zorionez edo zoritxarrez) barruan daude, esan nahi dut, gizartearekiko dituztez betebeharrak (zergar eta…) betetzen dituzte eta eskubide osoz ez dira joan erreferendum horretara bozkatzen, adoz ez daudelako adibidez.
      Anarkismoaren helburua ez da bozkaren bidez edo ta demokrazia partehartzaile baten bidez gizartea eta estatua kudeatzea. Argi dago hau bidean pausu garrantzitzua litzakela gizarte horizontal baterako. Ezinezkoa delako biharko eraikitzea gizarte libre,berdintzu, horizontala eta justua.

    • rbedarra
    • Otsaila 11th, 2012

    Anarkismoaren antolakuntza egitura pertsonetan oinarrituta dago, hau da, egitura bertikal batetik, egitura horizontal batetan oinarritutako sistema batetara bideratzen du. Kasuan egileak estatismoaren kontrako kritika proposatzen du Euskal estatuaren egituran, edozein estatu dituen tresna errepresibo berberak sortzeko ideian oinarrituta dagoelako (eusko-labeldun ejerzitoa, in-justizia,polizia,zergak…). Bestalde, eta zuk egindako galderari erantzunez, zihurrenik sasidemokrazia hau baino zeozer obea egin genezake, alegia, Porto Alegren (brazil) martxan daude dagoeneko demokrazio partehartzaile prozesu ezberdinak (udal herrietako aurrekontuen aurkezpenak publikoak dira eta herritarrek dira urrekontu horien bideratzaile aktiboak).Hau lehen pauso bat izango litzateke gizartearen benetako eraldaketa baterako. Egun, daukagun sistema politikoa gitxiengoaren diktadura hutsa bait da. Edozein estatuko bozketan (estatu españarran adibidez) % 70 -aren partehartzearekin, bozken gehiengoa atara duen alderdiak gobernatzen du ez? ba bozkatu ez duten kopuru hori gehi galtzaileen kopurua, irabazleak gitxienengo baten bihurtzen ditu.

    • la negra
    • Otsaila 11th, 2012

    …”Baina derrigorrez behar du independentziak Estatu berri bat?”…
    Ene ustez derrigorrez ez da behar. Herri horrek estatu barruan daukan egoerak baldintzatutako nahia izango da. Herri horren egoera… zein estaturen “menpe” zauden arabarera, eta haien arteko erlazioaren arabera…
    Egia esan, anarkismoak defendatzen duen estrukturaren bideragarritasuna zalantzan jartzen dut. (Ez dut asko irakurri ere ez). Estatuak desegitearen nahia eta arrazonamendua ulertu eta konpartitu dezakedan arren, ez daukat argi ondoren zelan jarraitu daitekeen. Ezinezkoa iruditzen bait zait gizabanakoaren askatasun “totala”, edozein herri edo auzo antolakuntzan parte hartzeak erantzunkizun sozial bat daramalako. Eta auzo talde hoiek aldi berean estruktura handiago baten barruan egongo liratekete berriro ere, non teorikoki estruktura handiago hori ez da estatu bat izango, baina praktikan?

  1. No trackbacks yet.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: